XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aita Santua eta neopaganismoa

Munduko gotzai guztiek, aldika aldika bost urtetik behin Erromarako itzulia egiten dute.

Irailean Aragoi, Valladolid eta Valentziako gotzaiek egin dute beren ikustaldia.

Hilabete honetan, urrian, Euskal Herriko gotzaiek ere berea egingo dute (Burgos eta Iruina Tuterako artzapezpikutegiek).

Honelako gauzak aipatuz, jendeak Aita Santua du berehala gogoan.

Gainera, ez da isilik egon.

Zer esan duen?

Non-nahi eta beti errepikatzen dituen irakaspenak agertu ditu: Jainkoa Jainko dela, eta gure bizitzako harat-honat guztietan hura behar dugula gidari; gizonak, Jainko-seme delakoz, errespeturik haundiena hartzen duela, eta inork ez duela haren askatasuna itotzeko eskubiderik; nekazari eta langileei zuzentasuna zor zaiotela; kontsumo eta produkzio ereduak, gaurko gizartean sartu diren eta finkatuak dauden egiturak aldatzen joan behar dutela, senar-emazteen batasunaren aurka, eta haurreen biziaren kontra, oraingo munduak pentsatuak dituen molde berriak, ezin ditzazkeala onartu elizak eta kristauak.

Argi eta garbi mintzatu da Aita Santua; gogortxoegi hitzegin duela esango dute behar bada zenbaitek; gehiegiegia izan dela ere hainbatek esan dute... eta badirudi, erakusten duen bidea oraingo jendearentzat nekeegia dela.

Baina, maitasun errezik ba ote da?

Aita Santuak esamolde guzti hauetan, hitz bereizi bat erabili du: Neopaganismoa.

Euskara jatorrean jentiltasun berria esango genuke.

Baina honekin hauxe agertu nahi zuen: ezin ditugula onartu eta gutxiago berriz sinestu, erreztasunezko bideetara garamatzaten pausobideak (ikas dezagula bizia errespetatzen, natura-izadia zaintzen, maitasuna garbi eta zintzoki bikote bizitzan lantzen eta heldutzen, besteen zerbitzuko izaten...)

Horrela-ba, neopaganismo hitzarekin bi pentsaera edo jokabide hauek agertu nahi dira:

- Europako gizartean, edo mendebaldeko kulturan nabarmentzen ari diren materialismoa eta halamoduzko atseginkeria esan nahi du.

- Bestaldetik, kristautasuna sortu aurreko balio moralak eta erlijiozko ohikune paganoak berrezartzeko eta indartzeko ahaleginak.

Azkenean, ez da munduaren salaketa huts bat, baizik mundutiarrak daramagun giza-kaxkarkeriaren kritika-azalpena.

Gure mundua hotzez eta beldurrez ikaran dago, eta maitasunaren bero beharra dago.

Denek zerbait egin dezakegu, bakoitzak gure arloan: zuzentasun, maitasun eta gozotasun gehiago ezarriz gure gogoeta, azterketa, elkarrizketa eta ekintza guztietan.

Eta zurikeria gutxiago erabili dezagula eta dezatela, eta zuzenki politikariak, hala eskubikoak nahiz ezkerrekoak.

Badakit guda eta haserrea, mendekua eta ezin-ikusia gizonaren lana dela.

Baina guda egiten duenak bakea ere egin dezake, eta Aita Santuak uste-osoa badu gizonaren baitan: on dela, mendekuari eta inbiriari nagusi arazteko maitasuna, heriotzari bizia, gudari bakea, irainari barkamena, gezurrari egia, etsipenari itxaropena, goibeltasunari poztasuna.

Irribarra nahi dut gizakian ezpainetan, eta ez gosearen hatzapar beltzaren beldurra.

Amets eta amets egingo duen utopiko errealistak nahi ditut, gorroto eta miseri lehergailuak leher ez daitezen gure artean.

Beldur naiz ez ote dagoen gure mundu etikoa hedonismoz kutsatuta, eta kutsatua dagoen neurrian nolarebait ia dohantasunaren antitesia da.

Izan ere, irudipena baino zerbait gehiago da, gaur estetika sere-arlo-giroan bizi gara.

Baiña, ez etikaren eta erlijioaren aurretikako emoziotzat hartzen den estetikan, kontsumoaren estetikan baizik.

Eta hementxe kakoa.